Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2008/11/25
Sampol, familia-enpresa izatetik I+G esparruan mundu-mailako erreferente izatera

Balear Uharteetan industrializazioa lagundu zuen familia-enpresa bat izatetik multinazional izatera, nazioarteko ingeniaritzako eta I+G+b proiektuetan eta instalazio-proiektuetan. Hori da Sampol taldeak egindako ibilbidea.

“Ibilbide luzea izan da eta Mallorkako hotelen eskutik, eta beraiei esker, gure lana Karibera zabaltzea lortu dugu" azpimarratu du Gabriel Sampol-ek, konpainiako lehendakariak.

2009. urtean 75 urte beteko ditu enpresak. José Sampolek, gaur egungo lehendakariaren aitak, sortu zuen 1934an. Hastapenetan artxipelago balearreko industria-ekipamenduaren instalazioa eta mantentzea zituen xedetzat. Berrogeita hamarreko hamarkadan, turismoak uharteetan ezagututako gorakadari erantzuteko eraikitako hotel-instalazio, aireportu-instalazio, industria osagarri eta urbanizazio askoren eraikuntzan parte hartu zuen konpainiak.

Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Karibea, Mexiko, Dominikar Errepublika, Panama eta Jamaikara zabaldu du enpresak bere jarduera, Balearretako turismo-sektorean bereganatutako esperientzia bertan baliatuz. Beranduago, Gaza (Palestina), Italia, Belgika eta Afrika iparraldean hainbat proiektu burutu dira. “Enpresa independentea gara, familia-nortasun handikoa, eta aurrera egiten asmatu dugu: bezero publiko zein pribatuei zerbitzuak eskaintzeko gai izan gara, hastapenetan instalatzaile gisa hasitako negozioari eutsi diogu eta enpresa pribatu handiekin batera lan egin dugu, horiekin batera kanpoaldean ezartzea lortu dugularik", azaldu du konpainiako lehendakariak.

Enpresaren bertute nagusia, Sampolek dioenez, ingeniaritzaren esparruan hazteko gai izan direla eta eskaintzen dituzten proiektuen tipologia dibertsifikatzeko gai izan direla da; horrela, beraz, estrategikoak diren hainbat sektoretan, hala nola aireportuen edo hotelen sektoreetan, azpiegitura publikoak eta pribatuak sustatzera iritsi da enpresa. Martxan jarritako ekimenen artean, enpresa balear honek aireportu-instalazioak garatzen eta gauzatzen ditu Mexikon eta Dominikar Errepublikan.

”Etorkizunera begira, ezinbestekoa da ingeniaritza-atala garatzea eta berrikuntzaren aldeko apustu garbia egitea”. Beste hitz batzuetan esanda: teknologia berrietan inbertitu behar da eta Espainiatik kanpo herrialde berriak aukeratu behar dira. Esandakoaz gain, enpresak apustu garbia egin du energetika edo domotika bezalako esparruen balio erantsiaren alde.

ITURRIA: www.fecyt.es Kanpoko esteka, 2008/11/17