Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2011/05/19

Etxebizitza Duin baten aldeko Plataformak aurkeztutako Etxebizitza duin baterako salaketa-gida

Gizarte-plataforma batek sortutako argitalpen honetan, etxebizitza duin bat edukitzeko Konstituzioan barne hartutako eskubidea ezagutzera ematen da eta eskubide horren defentsa egiten da

Gida praktiko bat da (eskubideak merkatuaren aurrean, eskubideak administrazioaren aurrean, herritarren parte-hartzea eta etxebizitza, oinarrizko araudia eta formularioak eskaerak egiteko, salaketak jartzeko, eta abar).

Helburu bikoitza du gida honek. Alde batetik, “etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko dugun eskubidea gauzatzeko” bideak modu errazean aditzera eman nahi ditu, eta eskubide hori errealitatean nola gauzatu erakusten du. Ildo horretan, argibideak ematen ditu herri-administrazioen aurrean eskubide horrekin lotutako kexak, iradokizunak, eskaerak, erreklamazioak, errekurtsoak edo salaketak bideratzeko eta aurkezteko gainditu beharreko egitura burokratiko konplexuari buruz.

Bestetik, parte-hartze politikoa sustatu nahi da eta, horretarako, etxebizitza duin bat eskatzeko eskura ditugun bitarteko legal eta hiritar guztiak baliatu behar direla azpimarratzen da. Horrelako aldarrikapen batek dituen oztopoak eta konplexutasuna ahaztu gabe, argi eta garbi adierazten da eskubidea defendatzea jarrera axolagabea eta eszeptikoa agertzea baino onuragarriagoa eta probetxugarriagoa dela.

Filosofia horri helduta, bi bloketan dago banatuta gida -170 orrialdetik gora ditu-. Lehen blokean, Konstituzioak etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko barne hartzen duen eskubidea aztertzen da. Lege-testu desberdinetan eskubide horri ematen zaion tratamendua adierazten da eta eskubide horrekin lotutako eskumenak Estatuaren, autonomia-erkidegoen eta tokiko erakundeen artean nola banatzen eta antolatzen diren adierazten da, halaber.

Bigarren blokean, etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko eskubidea nola defenda daitekeen azaltzen da. Zati honetan, merkatuaren aurrean ditugun eskubideei buruz hitz egiten zaigu, herritarrek parte hartzeko ditugun bideak adierazten dira eta etxebizitzari eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko oinarrizko araudia aipatzen da.

Berri honen iturria Eraikalen argitaratutako beste berri honen iturri bera da: “Liburua: Ayudas para el acceso a la vivienda en España” Kanpoko esteka. Egilea: Felipe Vizcarro Germade. Espainiako Sustapen Ministerioaren argitalpen bat da. Argitalpen honekin, autonomien Espainian etxebizitzarako laguntzak arautzen dituzten plan eta arau guztiak aurkeztu nahi dira (erosleak, maizterrak, sustatzaileak, eta abar). Orain argitaratu den berriarekin, Sustapen Ministerioaren "Ayudas para el acceso a la vivienda en España" liburuari buruz duela egun gutxi argitaratutako post-arekin aurkeztutako ikuspegi ofizialagoa osatu nahi da.

Berriaren iturritik eskura daiteke gida.

Iturria: Javier Burón-en blog-a Kanpoko esteka, 2011/05/19