Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Tranbia programa

Egun mugikortasuna dugu hirien arazo nagusietako bat, ibilgailu kopurua handitzearekin hirietako trafikoa gainezka egiteko zorian baitago.

 

Arazo horrentzako irtenbidea garraio publiko moderno bat jartzea da, garraio erakargarria, erosoa, segurua, garbia eta garraio pribatuarekin beldurrik gabe lehiatuko dena. Horretaz aparte, hirietan oso ondo txertatzen den garraiobidea da tranbia; hainbat eta hainbat leku oinezkoentzat gordetzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, irisgarritasun-maila egokia eskaintzen.

 

Tranbia jarrita, asmoa da, oro har, errepideak baino alde on gehiago dituen garraiobide berri bat eskaintzea. Hona hemen tranbiaren alde onak:

  • Erabiltzailearentzat, tranbia modernoa punta-puntako metro bat bezain erosoa da, eta, gainera, hiria beste era batera ikusteko aukera ematen du.
  • Oinezkoarentzat, tranbia auzotar atsegina da, kutsatzen ez duena eta isil-isilik dabilena.
  • Tranbiara sartzea erosoa eta segurua da, baita mugikortasun urriko bidaiarientzat ere.
  • Tranbia bat, garraio-gaitasun bera duen autobus bat ez bezala, gai da bere inguruan hobekuntzak eragiteko, denbora aurrezten du eta energia gutxiago kontsumitzen, eta, era berean, ez du aire freskorik behar eta kaleetan ez da gai kutsakorrik isurtzen.
  • Hiritarrek oztopo fisiko gutxiagorekin egingo dute topo, eta istripu-arriskuak ere gutxitu egiten dira. Garraio-gaitasun handiagoa eskaintzen duenez, ibilgailu gutxiago aterako dira kalera, eta horrek, era berean, hesi-efektua eta istripu-arriskua gutxitzen du.
  • Tranbiak ez du, ez azpietura handirik, ez inbertsio handirik behar .

 

Gaur egun tranbia-programa hauek ditugu eskuartean:

 

Bilboko tranbia

 

2002ko azaroaren 18an Atxuri eta Uribitarte arteko bidegunea jarri zen martxan, 6 geralekurekin. 2003ko apirilaren 30ean hurrengo geralekura arte iritsi zen: Guggenheimera. Urte bereko uztailaren 24an, bideak urratu, eta 4 geraleku gehiago jarri ziren, San Mameseraino. Azkenik, 2004ko uztailean A linearen azkeneko bidegunea jarri zen martxan; Basurtun du akabera.

 

Hortaz, tranbiaren 1 linean 12 geraleku daude: Basurto, San Mames, Sabino Arana, Euskalduna, Abandoibarra, Guggenheim, Uribitarte, Pio Baroja, Abando, Arriaga, Ribera eta Atxuri.

 

Bide horretan A lineak hainbat gune lotzen ditu: Udala, Justizia Jauregia, Euskalduna Jauregia, Guggenheim museoa, Arriaga antzokia, San Mames futbol-zelaia, Ingeniaritza Eskola, Deustuko Unibertsitatea, Basurtuko Ospitalea, Alde Zaharra, Erriberako merkatua eta Abandoibarra. Gainera, hainbat lotura eskaintzen ditu: Bilboko metroarekin, Termibus autobus-geltokiarekin, RENFEren aldiriko zerbitzuekin eta FEVEren geltokiarekin.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, EuskoTran-eko web orrialdea bisita dezakezu: www.euskotren.es/euskotran/flash.html

 

 

Vitoria-Gasteizko tranbia

 

Tranbiaren trazadura-proiektua 2004ko martxoaren 3an onartu zen behin betiko. Gaur egun eraikuntza-proiektua ari gara idazten, eta 2005ean bukatzea espero dugu. Tranbia honek hiru zati izango ditu: Lakuako adarra, Abetxuko-Arriaga adarra, eta bi adarrek bat eginda, Lakua-erdialdea.

  • Lakuako adarra Landaberde kaletik abiatu, (kotxetegiak hor jarriko dira) eta Wellingtongo Dukearen kalean eta Euskal Herria bulebarrean barna aurrera eginez, Latinoamerika plazaraino iritsiko da tranbiaren bidegune nagusiarekin bat egiteko.
  • Abetxuko-Arriaga adarrak Maiatzaren Lehena plazan izango du abiapuntua, Kristo eta Iturrizabala kaleetatik, Zadorra ibaiaren parera iritsiko da, eta egun dagoen zubiaren alboan beste bat egingo da tranbia igarotzeko; Arriagako atetik Biltzar Nagusien kalera ailegatuko da, eta, Arriaga auzoa zeharkatu ondoren, Forondako atetik sartuko da Latinoamerika plazarantz
  • Bidegune nagusia Latinoamerika plazan hasiko da, eta Honduras kaleak eta Gasteiz hiribideak osatzen duten ardatza baliatuz, erdigunerako bidea hartuko du: Lovaina plaza, Magdalena, Becerro de Bengoa, Alaba Jenerala eta Independentzia kaleak zeharkatu, eta Jesus Guridi kalean amaituko da.

 

 

 

 

Urbinaga-Leioa-Unibertsitatea tranbia

 

Linea hau bi fasetan egingo da; lehenengoan Leioa – Unibertsitatea bidegunea egingo da, eta Leioako metro-geltokia Leioa erdigunearekin eta udalerri berean dagoen Unibertsitatearekin lotuko ditu. Aurrerago, Urbinaga – Leioa faseari ekingo zaio, itsasadarraren bi aldeak uztartzeko, eta, era berean, metroaren bi lineak lotu, eta RENFEren linearekin ere beste lotura bat eskaintzeko.

 

Leioa – Unibertsitaterako aurreikusitako geralekuak: Leioako metro-geltokiaren ondoan; Udondo bulebarrean; Sabino Arana hiribidean, Arkupe plazaren parean; Sabino Arana hiribidean, Sakonetako kiroldegiaren aurrean; udaletxearen parean; Sarriena biribilgunean, Irlandarren ikastetxetik gertu; Kurtze tabernaren ondoan; Askartza auzora eta eskolara sartzeko bidearen parean; EHU-n errekoregoaren egoitzaren parean, eta EHUn linearen amaieran .

 

 

 

Debarroko tranbia

 

Tranbia honek, lehenengo fasean, Bergara, Arrasate eta Aretxabaleta lotuko ditu.

 

Bergara-Aretxabaleta bidegunearen trazadura-proiektua eginda dago, baina behin betiko onartu baino lehen jendaurrera aterako da eta alegazioak aurkezteko epe bat irekiko da.

 

Tranbiaren lehenengo fasean 5 bidegune bereizi dira: Bergara herrigunea, Bergara – Arrasate, Arrasate herrigunea, Arrasate – Aretxabaleta, Aretxabaleta herrigunea.