|
Garraio iraunkorra
1. GARRAIO IRAUNKORRA
Garraio iraunkorra pertsonak edo-eta gauzak, administrazioaren baimenarekin edo baimenik gabe, batetik bestera eramatea helburu duen jarduera ekonomikoa da; jarduera horrek, gainera, garraiobide guztiak era orekatuan erabiliz, eta segurtasun, kalitate eta eraginkortasunezko zerbitzuak eskainiz, irisgarritasun unibertsala lortu behar du, eta gure ondorengoek beren beharrei erantzuteko gaitasuna izan dezatela bermatu.
Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak, Garraio Iraunkorraren Gidaplanaren bidez, denboran iraungo duten garraiak bideratzeko estrategiak finkatu nahi ditu; ekonomiaren, finantzen eta erakundeen ikuspuntutik fidagarriak izango diren, ingurumena errespetatuko duten eta hiritarren interesak kontuan izango dituzten garraioak, alegia.
Garraio fidagarriak, eskuragarriak eta seguruak izatea erabakigarria da garapenerako. Europako Politika Komunaren jarraibideek garraioaren inguruko hainbat alderdi jorratzen dituzte: mugikortasunaren kudeaketa, garraio-sistemen arteko oreka, segurtasuna, kalitatea, eraginkortasuna; alfer-bidaia k ekidingo dituen garraioa; guztia ere garraio iraunkor bat lortzeko asmoarekin.
2. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO GARRAIO IRAUNKORRAREN GIDAPLANA
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Iraunkorraren Gidaplana Europar Batasuneko Liburu Zuria oinarri hartuta egin dugu, eta hor garbi ikusten da Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak garraio iraunkorraren alde egin duela apustu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Sail honek, klima-aldaketaren kontra gizartea egiten ari den ahaleginarekin bat eginda, burutzen dituen ekintza guztiak koherenteak izatea nahi du, eta Euskadin, Europan gaudela ahaztu gabe, garraioaren antolamenduaren arduradun gisa hartzen dituen erabakiek ez ditzatela gure ondorengoen behar, gogo eta ardurei erantzuteko gaitasuna arriskuan jarri.
Garraio Iraunkorraren Gidaplana garatzeko ekintzak beste plan batzuekin batera koordinatuta gauzatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenaren Esparru Programa; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzei buruzko Plana (2001-2004); eta Garapen Iraukorraren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-20 20).
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Iraunkorraren Gidaplanaren bidez bultzatu nahi den politika bost helburu nagusiren inguruan taxutu da; eta helburu horiek lortzeko hainbat estrategia eta ekintza zehaztu dira datozen hamar urteotarako. Hona hemen helburu horiek:
-
Ekonomiaren hazkundearen eta garraio-eskariaren hazkundearen arteko erlazioa etetea.
-
irisgarritasun unibertsala lortzea
-
Garraiobideen arteko oreka bultzatzea
-
Euskadik Europan hartzen duen leku estrategikoa bultzatzea
-
Iraunkorra izango den eta ingurumena kontuan hartuko duen garraio-eredu baterantz aurrera egitea
3. GARRAIO IRAUNKORRAREN GIDAPLANAK OINARRI IZANGO DITUEN ELEMENTUEKIN LOTUTAKO EKINTZAK
Oinarri horiek honakook dira: Euskadiko Garraio Agintaritza, Euskadiko Garraio Behatokia eta garraio arloko xedapen eta arauak (lege-esparrua).
• Euskadiko Garraio Agintaritza: garraioaren antolamenduaren eta garraio-azpiegituren gaietan Euskal Autonomia Erkidegoaren koordinazio- eta aholku-erakunde gorena da, eta garraio-sistema bateratu bat benetan ezartzeko bidea irekitzeko esleitutako eskumenak eta eginkizunak izango ditu. Euskadiko Garraio Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbideko, errepideko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu eta aireportuen arloan egingo du lan, bai eta garraioaren inguruko jarduera lagungarri eta osagarrien arloan ere.
• Euskadiko Garraio Behatokia; horren helburu nagusia izango da Euskadiko garraio-sistemaren egoera eta bilakaera ezagutu eta interpretatzea, Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplana garatzen eta haren jarraipena egiten laguntzeko, Garraio eta Herri Lan Sailari (sailari atxikita baitago) iraunkortasunaren inguruan lagunduz eta aholkuak emanez. Horretarako erreferentziazko agiriak erraztuko dizkio, eta lanerako oinarrizko lanabes gisa prospekzio, ikerketa, garapen eta berrikuntzako tresnak erabiliko ditu.
• Garraio arloko xedapen eta arauak (lurraldearen antolamendurako tresnak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Iraunkorraren Gidaplana garatzeko behar den lege-esparrua zehaztuko dutenak.
|