Imebisaren jardueraren oinordeko gisa, ETSk Bilbo Handian trenbide metropolitar sistema ezartzeko programa osoaren garapenarekin duen konpromisoarekin jarraitzen du.
1995eko azaroaren 11n 1. linearen lehen zatia, Plentzia eta Zazpi Kaleen (Bilbo) artekoa inauguratu zenetik, Imebisako giza taldeak diseinatu eta zuzendu du trenbide metropolitarraren eraikuntza, eta lan horrekin jarraitzen dugu ETS-tik.
Gaur egun ETS azpiegitura hori Basaurirantz eta Santurtzin dagoen Kabiezes auzorantz hedatzeko lanean ari da. Halaber, 3. linea (Etxebarri-Matiko) eraikitzeko lanak ari da egiten.
Euskal Trenbide Sarea lanean ari da gaur egun Maidaganen, Getxoko udalerrian, dagoen trenbide pasagunea lur azpira sartzeko lanetan. Proiektua trenen zerbitzua ez eteteko–horretarako behin behineko desbideraketak prestatuko dira–, eraginak urritzeko eta lurraren aldi baterako okupazioa ahalik eta gehien murrizteko moduan diseinatu da.

Lur azpian sartuko den trenbide zatiaren luzera osoa 717,5 metrokoa izango da. Bilboko Trenbide Metropolitarreko Bidezabalgo geltokiko nasen amaieraren eta Ormazako estradan dagoen gainaldeko pasabidearen artekoa izango da.
Jarduketa horrekin batera, proiektuan sartzen da, baita ere, Ibarbengoako geltokiaren eraikuntza, hedatzen ari den inguruan. Goñi-Ormaza kalearen gaineko pasabidearen ondoren egongo da (Plentziako noranzkoan) trenbidearen zati zuzenean. Getxoko udalerriak izango duen metroaren zazpigarren geltokia izango da.
2009ko uztailaren 4an, Patxi López Lehendakariak Bilboko Metroaren 2. lineako Portugalete-Santurtzi zatia inauguratu zuen. Ezkerraldeko bi udalerri horiei zerbitzua eskainiko dieten bi geltoki berri, Peñota eta Santurtzi.
Hala ere, 2010ko irailaren 3tik martxan da Mamarigako kanoia. Lantzadera horri esker, Santurtziko inguru horretan bizi diren pertsonak metro sarera hurbildu ahal izango dira minutu gutxitan. Halaber, 2009ko apirilean Santurtzi-Kabiezes zatiko lanak hasi ziren.
Zati hau 2.400 metro da luze eta oinarrizko aurrekontua 43,4 milioi eurokoa da. Kabiezeseko geltoki osoa lur azpian dago, Bilboko Trenbide Metropolitarraren geltoki tipoari erantzuten dio eta Kabiezeseko Plaza izenez ezagutzen den gunearen azpian dago.
Geltokia jasotzen duen haitzuloa 108,05 metro da luze, eta bertan nasak, trenbideak, ataria eta distribuzioa biltzen dira. Kanpotik sartzeko hiru sarbide izango ditu. Lehenbiziko sarbidea Lauaxeta kalean azaleratzen den kanoia da. Bigarren kanoia Antonio Altzaga Etorbidean irteten da kalera, aurreko gunetik 195 metrora, azaleran. Hirugarren sarbidea, aipatutako Etorbide horretatik geltokira joateko aukera ematen duen igogailua da.
Kanoiek zein igogailuak Metroko geltokietan jarraitzen den diseinuaren ildoa jarraitzen dute. Horrela, Antonio Altzaga Etorbidetik sartzeko kanoiaren azalera, “fosterito” izenez ezagutzen den motakoa da azaleran, eta Lauaxeta kaleko kanoia eta igogailua ere berehala identifikatzen dira Bilboko Trenbide Metropolitarraren elementuekin.
Mamarigako kanoia eta Kabiezeseko zatia martxan jartzean, Santurtzin bizi diren pertsonen %90ak metro geltokia izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora.
Linearen beste aldean, Etxebarri-Ariz zatia inauguratu da. 2011ko otsailaren 28an burututako ekitaldian Patxi López Lehendakaria, eta Iñaki Arriola, Garraioetako Sailburua egon ziren. Halaber, Bizkaiko Garraio Partzuergo eta MetroBilbaoko ordezkariak egon ziren. Gaur egun, ETS Ariz-Basauri zatiaren lanak jorratzen ditu. Zati honek Basauriko geltoki berria du bere barne. Zati honen inaugurazioa 2011ko amaieran aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatuko duten eta Europar Batasuneko FEDER Fondoko laguntzak jasotzen dituen 3. lineak loturak eskainiko ditu bost minutuz behin Etxebarrin egongo den San Antonioko eta Bilboko Matiko Auzoan egongo den geltokien artean. 3. linea eraikitzeko 185 milioi euroko inbertsioa beharko da, eta lan horri esker, 37.000 biztanle baino gehiagoko metro geltokia izango dute euren etxeetatik bost minutu baino gutxiagora.
Trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matiko.
3. linearen behin betiko trazatuaren berezitasunetako bat da Zazpi Kaleetako geralekua ez dela amaierako geltokia, loturako geltokia baizik. Horrela, Otxarkoaga, Txurdinaga eta Zurbaranbarri igaro ondoren, 3. lineako erabiltzaileak Zazpi Kaleetako geltokira helduko dira. Bertan lotura izango dute Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineekin. Zazpi Kaleetako geltokitik aurrera, 3. linea Uribarri eta Matiko auzoetaraino luzatuko da.
Proposamen berriak elkartu egingo ditu une honetan zerbitzua eskaintzen duen Zumalakarregiko eta 3. linearako trazatuaren lehen proiektuan biltzen zen Uribarriko geltokiak, Uribarri auzoaren azpian egongo den haitzulo motako geltoki bakarrean.
Horrez gain, Etxebarriko San Antonio eta Txurdinaga arteko zatiak ez du ia aldaketarik jaso, hasierako proiektuarekin alderatuz. Etxebarriko geltokia aire zabalean eraikiko da, eta Otxarkoagakoa eta Txurdinagakoa, berriz, lur azpian egongo dira.
ETS zati guztietan lanetan ari da, bat izan ezik: Zapi kaletako geltokia, Lan hauek 2011n esleituko dira,
Bilboko Trenbide Metropolitarraren 4. lineak, Errekalde eta Matiko auzoak lotuko dituzten 6 geltoki izango ditu guztira. Linea Moyua plazatik igaroko da, eta bertan intermodoa egin ahal izango da Metroaren 1. eta 2. lineekin. Horiek dira burutu den informazio azterlanaren ondorio nagusiak. Azterlan horren arabera, proiektu horrek 372 milioi inguruko kostua izango du, eta burutzapenerako 47 hilabete beharko dira.
Linea Bilboko udalerrian egongo da oso-osorik. Errekalde auzoan abiatuko da, Matiko inguruan 3. linea izango denarekin elkartuko da, eta une honetan eraikitzen ari den eta Sondikarekin eta Aireportuarekin loturak ezartzeko aukera emango duen Artxandako tunelarekin ere bat egingo du.
Proiektuak sei geltoki aurreikusten ditu: Errekalde, Irala, Zabalburu, Moyua (bertan garraio aldaketa egin ahal izango da Metroaren 1. eta 2. lineekin, leku horretan egongo den geltokian), Parkea eta Deustua-Unibertsitatea. Proiektuak bost kilometroko luzera izango du, guztiak lur azpian, 3. linearekin egingo den bat egitearen azken metroak izan ezik.
Ibilbideak honako geltoki hauek izango ditu:
Errekalde: Geltokia 27 metro inguruko sakoneran egongo da. Geltokira sartzeko ahoak Gordoniz kalean eta anbulatorioaren ondoan egongo dira. Igogailuak Errekalde plazara emango du.
Irala: Geltokia 40 metro inguruko sakoneran egongo da. Sarbideak, Ezkurtze kalearekin bat egitean dagoen plazan eta Monastegi kaleko zati batean egongo dira. Beharrezkoa izango da kale hori oinezkoentzat prestatzea. Igogailua Irala kaleak eta Bergara Etorbideak bat egiten duten lekuan egongo da.
Zabalburu: Geltokia 25 metro inguruko sakoneran egongo da. Kanoietako bat Concha Jeneralaren kalean egongo da. Kanoi horrekin izango du lotura San Mames Zumarkalean azalean agertzen den igogailuak. Beste kanoi bat Zabalburu plazaren inguruan azaleratuko da.
Moyuako geltokia izango da 1. eta 2. lineen eta 4. linea berriaren arteko lotura gunea, eta trukaketarako geltoki bakar gisa planteatu da, lotutako bi geltoki gisa planteatu beharrean. Bi lineatarako atari bat eratuko da, eta bertara, une honetan Moyua plazan dauden kanoietatik sartu ahal izango da. Lineaz aldatzeko ibilbidea gune berezi eta argitsu batetik egingo da. Gainera, argia lur azaleratik etorriko da, aurreikuspenen arabera bi argizulo handi irekiko baitira, eguzkiaren izpiei igarotzen uzteko.
Parkea: Geltokiak 28 eta 36 metro arteko sakonera izango du. Sarrerako ahoetako bat Artetxe Kondearen kaleak eta Teofilo Guiard kaleak bat egiten duten lekuan eta bestea Arte Eder Museoaren inguruan egongo da.
Deustua-Unibertsitatea: Geltokia 30 metro inguruko sakoneran egongo da. Sarrerako ahoetako bat San Pío X plazan eta bestea Madariaga Etorbidean egongo da.
LOTURA 3. LINEAREKIN ETA LOIUKO AIREPORTUAREKIN
Metroaren 4. lineak Matiko parean egingo du bat 3. linearekin, unitateei Zazpi Kaleetara, Txurdinagara eta Otxarkoagara edo, une honetan eraikitzen ari den Artxandako tunel berriaren bitartez Loiuko aireportura joateko aukera emango dien trukagunearen bidez.
Lotura horri esker, metroz lotu ahal izango dira Bilbo iparraldeko auzoak eta Errekalde eta Irala ingurua. Eusko Jaurlaritzak, herritarrek aspalditik zuten eskari hori bultzatzea erabaki du, hiriburu barruko mugikortasuna hobetzeko, baina baita hiruburuaren eta Loiuko aireportuaren arteko komunikazioak hobetzeko ere.

Azterlanaren ondorioen arabera, 5. Linea Sarratuko geltokitik (Basauri) abiatuko litzateke, eta Aperribain, Bengoetxen eta Galdakao erdialdean geralekuak izan ondoren Ospitalean amaituko litzateke. Eraikuntz proiektua 2011 eta 2012an zehar burutuko da.