Azken eguneratzea: 2012/02/08
Eusko Jaurlaritza Hondarribiko Muliateko alokairuko etxebizitzak erosteko izapideak egiten ari da
Gaur prentsan argitaratu denez, Aitor Kerejeta alkateak atzo adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak ezin izango dituela erosi, hala aurreikusita egon arren, babes ofizialeko 195 etxebizitzarekin batera alokairurako eraikitzen ari den 25 etxebizitzako blokea.
Adierazpen horren aurrean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak honakoa adierazi nahi du:
- Albistea okerra da, eta ez dauka inolako oinarririk. Sailak hitzarmen bat sinatuta dauka Hondarribiko Udalarekin, etxebizitzak erosteko. Erosketaren izapideak egiten ari gara, eta hitzarmenean aurreikusitakoa normaltasun osoz ari da betetzen.
- Eusko Jaurlaritzak erosi behar dituen alokairuko etxebizitzak martxo-apiril aldera amaitzekoak dira, eta saileko zerbitzu teknikoek oniritzia eman ondoren, obra onartu, eta adjudikaziodunak aukeratzeko prozesuak jarriko dira martxan.
- Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eutsi egiten dio, eta hala berresten du Hondarribiko Udalak, Hondarribian alokairu babestuaren aldeko apustuari eta konpromisoari, eta inondik inora ere ez du atzera egin etxebizitza horiek erosteko asmoan.
- Etxebizitza horiek Hondarribian egiten diren alokairu babestuko lehenengoak dira, eta etxebizitzak finantzatu eta erosteko baliabideak eta aurrekontua Eusko Jaurlaritzak jarri ditu, betirako alokairu babestu publikoan izateko.