Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2012/03/07

Eusko Jaurlaritzak parke eraikiaren esku-hartze premien inbentarioa eta diagnostikoa aurkeztu die udalei

Parke eraikiaren % 31k ahulezia maila altua edo oso altua du, eta esku-hartze premia oso larria du

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak "Esku-hartze premien diagnostikoa Euskadin eraikita dagoen etxebizitza-parkea berritzeko" lana aurkeztu die Euskadiko udaletako arduradunei.

Lanaren xedea eraikitako espazio fisikoaren benetako egoera zein den zehaztea da, eta horretarako, errolda sekzioaren eskalan, 1980 baino lehen eraikitako bizitegirako eraikuntzen eta haien hiri inguruaren inbentarioa eta diagnostikoa osatu dute Tecnaliak eta Donostia eta Madrileko arkitektura eskolek.

Euskadin egin den lehen inbentarioa da honako hau, eta birgaitzeko estrategiak definitu eta esku hartzeko lehentasunak eta estrategiak ezarri ahal izatea du helburu.

Fuente: Irekia - Gobierno Vasco

Hautatutako ahulezia parametroak hauexek izan dira: gizarte ahulezia (jatorria, adina, prestakuntza, errenta), egonkortasuna (antzinatasuna, egitura, tamaina), bizigarritasuna (azalera, zuzkidurak, biztanle ratioa), irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa. Dentsitatea ere aztertu da, etxebizitzarena eta udalerriarena, esku-hartzeak egin beharreko guneen aukera maila identifikatzeko. Orotara, 65 adierazle hartu dira kontuan.

Aldeen ahulezia maila identifikatu eta datuak elkarrizketa ugari bidez egiaztatu ondoren, landa lana egin da 196 aldetan. Hala, eraikinen kanpoaldea eta hiri ingurua ikuskatu dira, eraikuntza profilari buruzko alderdiak berrikusi dira (tipologia, altuerak, erabilerak, inguratzaileak, etab.), eta eraikinen kontserbazio egoera ere aztertu da. Hori guztia aintzat hartuta, ahulezia maila handiena duten auzoak detektatu ahal izan dira.

Hautatutako udalerri bakoitzerako udal fitxa bana prestatu da, eta horietan esku-hartze premia larria duten balizko aldeak jaso dira, besteak beste esku-hartze sozialen premiak, egonkortasunekoak, bizigarritasunekoak, irisgarritasunekoak eta efizientzia energetikoari dagozkionak.

Ahulezia parametroak

  • Efizientzia energetikoa: Aztertu den parke eraiki osoan ez dago efizientzia energetikorik.
  • Irisgarritasuna: Irisgarritasun arazoak garrantzitsuak eta orokorrak dira aztertu den parke eraiki osoan, gizakien zein eraikinen eskalan. Giza eskalako oztopoak orografiak eragin ditu.
    Azken urteetan hainbat lan egin dira espazio publikoan, eta horiei esker irisgarritasun baldintzak hobetu egin dira; besteak beste, elementu mekanikoak jarri dira, aldapak, barandak, zintarriak txikiagotu dira, etab.
    Eraikinen kasuan, azken urteetan igogailuak jartzeko lanak ere egin diren arren, makina bat kasutan oraindik irisgarritasuna ez da egokia.
  • Gizarte ahulezia: Bada gizarte ahuleziako maila bat, ezaugarri nagusi gisa duena ikasketa maila baxuko pertsonek osatzen dutela: langabezia tasa altuak dituzte eta zenbaitetan, eraikuntza aldetik kalitate baxuko eraikinetan bizi den populazio nagusiaren ehunekoa ere altua izaten da; horrez gain, eraikin horietan irisgarritasun arazo larriak izaten dira.
  • Bizigarritasuna: Bizigarritasun arazoak, oro har, mende hasierako eraikuntzetan izaten dira, batez ere bizigarritasunerako definitutako gutxieneko tamaina baino etxebizitza txikiagoetan; horrez gain, mota horretako arazoak etxebizitzetan oinarrizko instalaziorik ez dagoenean, edo prekarioak direnean agertu ohi dira.
  • Egonkortasuna: ahulezia maila baxuena du. Antzemandako egonkortasun arazo nagusiak egurrezko egituretan hezetasun eta termita arazo puntualak sortzeari dagozkie.

Inbentarioaren ondorioak

EAEk 2.185.869 biztanle eta 1.698 errolda sekzio ditu (537 Gipuzkoan, 922 Bizkaian eta 239 Araban). Gutxienez eraikinen % 30 1900 eta 1980 urteen artean eraikitakoak izatearen irizpidea betetzen duten 1451 sekzio aztertu dira. Hortaz, populazioaren % 10 azterketatik kanpo geratu da. Emaitzen arabera, errolda sekzioen % 31 ahulezia maila altuan edo oso altuan dago.

Esku-hartze premia oso altua duten 60 auzo detektatu dira. Premia oso altua dela ulertzen da hiru edo lau parametrotan ahulak direnean, eta beharrezko birgaitzeari aurre egiteko gizarte ahulezia altua dutenean. 60 auzo horietatik 35ek ez du inolako aitorpenik.

Horrez gain, ondorioztatu da efizientzia energetikoaren ahulezia orokorra eta konstantea dela kasu guztietan. Efizientzia energetikoaren atzetik, ahulezia ohikoena irisgarritasuna da; ondoren datoz gizarte ahulezia eta bizigarritasuna, eta azkenik, egonkortasuna.

Zein dira alde ahulak?

Ahulezia gehien dituzten aldeak bereziki hiru sare motatan daude:

  • Alde zaharra: Egurrezko egiturak dituzten eraikinak dira, eta irisgarritasun arazo larriak dituzte. Kasu batzuetan bizigarritasun arazoak ere izaten dira, oinarrizko zerbitzurik edo instalaziorik ez dagoelako; eraikinak ez daude termikoki isolatuta, eta askotan berogailurik ere ez da egoten. Bertan gizarte taldea zahartua, etorkinak edo aldi baterako besterik ez dauden gazteak bizi dira.
  • Periferiako eremuak: Udalerrietako eremu isolatuetan daude, oinarrizko zerbitzuetara iristeko arazo larriak dituzten landa eremuetatik edo industria guneetatik gertu. Eraikinak berak irisgarritasun arazoak izaten ditu; populazioa zahartua eta baliabide ekonomiko baxuduna izaten da. Eraikinek zaintza arazoak izaten dituzte.
  • Langileen auzoak: 1940, 50 eta 60ko hamarkadetako industria garapenaren ondorioz, eraikuntza kalitate baxuko eraikinak egin ziren; hori dela-eta, eta lurraldearen orografia gorabeheratsua denez, hiri irisgarritasuneko arazo ugari sortu dira. Eraikinak ez daude termikoki isolatuta, eta azalerak gutxieneko estandarrak baino txikiagoak izan ohi dira. Maiz udalerriko oinarrizko zerbitzuetatik urrun daude, eta populazioa baliabide ekonomiko baxuak dituzten kolektiboek osatu ohi dute.

Ahuleziaren tipologia:

  1. Oso altua: 352.272 biztanle hartzen dituzten 305 errolda sekzio. Sekzioen % 20 eta biztanleriaren % 18.
    Ez dago hiri morfologia zehatz bati lotuta, baina industria garapen handia daukaten udalerrietan daude; garapen garaiko immigrazio indize altuak dituzte, eta eraikuntza kalitate baxuak. Ahulak dira alderdi guztietan, inguratzaile energetikoaren kasuan izan ezik.
  2. Altua: 264 errolda sekzio. 329.194 biztanle.
    Hiri-zati oso trinkoak, eraikuntza heterogeneoekin. Ahulezia bizigarritasunean kokatzen da, etxebizitza txikiekin. Aurri egoeran edo egoera txarrean dauden etxebizitza asko dago.
  3. Gizarte eta irisgarritasun ahulezia altua da. Etxebizitza huts gutxi dago, eta ez daukate komunikazio txarrik.
  4. Ertain altua: 85 errolda sekzio. 113.259 biztanle.
    Dentsitate ertaina daukaten hirigune handietatik hurbil dauden hiri eremu trinkoak dira. Funtsean, ezaugarri hauek dituzte: komunikazio txarrak eta auzoko edo hiriko zerbitzuen dentsitate baxua. Biztanleria gaztea da, baina batez bestekotik gorako ahulezia dauka arlo hauetan: arlo sozioekonomikoa, bizigarritasuna, irisgarritasuna, egonkortasuna eta efizientzia energetikoa.
  5. Ertaina: 86 errolda sekzio. 97.492 biztanle.
    Biztanleria dentsitate handiena daukan sekzioa da, bosgarrenarekin batera. Hirigune handien zabaltzeei dagokie. Ahulezia soziodemografiko altua daukate adierazle guztietan, hezkuntza eta estatus mailan izan ezik. Jabetzakoak ez diren eta hutsik dauden etxebizitzen ehunekoa altua da. 4 familiatik bat bakarrik bizi diren eta 65 urtetik gora dituzten pertsona 1ek edo 2k osatzen dute.
  6. Ertain baxua: 228 errolda sekzio. 262.195 biztanle. Sekzioen % 14,9 eta biztanleriaren % 13.
    Hirigune handien zabaltzeak dira. Ahulezia soziodemografiko altua dauka, eta, laugarrenarekin batera, biztanleria dentsitate handiena dauka.
  7. Baxua: 447 errolda sekzio. 657.828 biztanle. Sekzioen % 29,3 eta biztanleriaren herena.
    Landa izaerako hirigune txikiak. Bat dator, baita ere, udalerri handien periferiarekin. Etxebizitzen eta biztanleriaren dentsitate baxua. Irisgarritasunarekin, zerbitzuekin eta efizientzia energetikoarekin lotutako arazoak dituzte. Etxebizitza hutsen ehuneko altua. Efizientzia energetikoari dagokionez, horren datuak baxuak dira. Askotariko indarguneak ditu.
  8. Oso baxua: 44 errolda sekzio. 49.217 biztanle. Sekzioen % 3 eta biztanleriaren % 2,5.
    Irisgarritasun txikia eta komunikazio txarrak. Bigarren etxebizitzarako udalerri txikiak, hala nola, kostalde turistikoa edo Arabar Errioxa.
  9. Estra baxua: 68 errolda sekzio. 109.665 biztanle. Sekzioen % 4,5 eta biztanleriaren % 5,6.
    Azken hamarkadetan garapen handia izan duten hiri handien kanpoaldean kokatuta dauden hirigune trinkoak. Ahulezia soziodemografiko eta sozioekonomiko oso baxua, eta egonkortasun ahulezia oso baxua. Eraikin berrietan bizi den biztanleria gaztea. Etxebizitzen eta biztanleriaren dentsitate altua.

Dokumentazio gehigarria