Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

WAI-A

Azken eguneratzea: 2008/07/09
Kontsumo Bira inauguratu da, Gasteizen
Bidaia eta garraioak, telefonia eta bermeak dira Eusko Jaurlaritzaren kontsumo erakusketa ibiltari berriaren protagonistak
Kontsumo Bira abiatu da, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzaren ekimen hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi udalerritatik igaroko da, kontsumitzaileak diren aldetik dagozkien eskubideen defentsa eta babeserako prestakuntza jartzeko herritarren eskura, modu arin eta dibertigarrian

Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendari Rubén Mendiola jaunak, Gasteizko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzi Peio López de Munain jaunak eta Kontsumoko Udal Bulegoko zuzendari Juan José Estibalez jaunak "Kontsumo Bira" inauguratu dute gaur, uztailaren 7an, Andre Maria Zuriaren plazan, hain zuzen ere kontsumo-eremuan gatazka gehien sorrarazten dituzten hiru gaiei -bidaia eta garraioak, telefonia eta bermeak- buruzko erakusketa ibiltaria. Uztailean, bidaia eta garraioei buruzko edukiak landuko dira bereziki. Irailean eta urrian, aldiz, telefonia eta bermeen inguruko jarduerak egingo dira.

Arabako hiriburua lehenengoa izango da "Kontsumo Birak" bisitatuko dituen bederatzi udalerrien artean. Izan ere, Bilbon, Donostian, Getxon, Laudion, Beasainen, Santurtzin, Barakaldon eta Irunen ere hainbat tailer, pista-joko, hitzaldi eta bestelako dinamika parte-hartzaile antolatuko dira. Espezialistek moderatuko dituzte jarduerak, eta herritarrei, oro har, eskainiko zaizkie, bat-bateko taldeak osatuz, baita ikasle eta elkarteei ere. Hori guztia kontsumitzaileei beren eskubideen defentsa eta babeserako prestakuntza eskaintzeko helburuarekin.

Erakusketak bisitatzen dituen udalerrietako erdiguneko kale eta plazetan antolatuko dira jarduerak. Formatu horri esker, lau egunez jende guztiak erakusketara hurbiltzeko aukera izango du, hainbat jarduera arinen bitartez, hala nola aire zabaleko antzerkia, plasma-pantaila handiak, multimedia-jokoak, informatika-eremuak, azalpenezko liburuxkak eta bidaia eta garraioei buruzko eskuliburu espezifikoak.

Gainera, bizikleta deigarri batzuek dendariak gonbidatuko dituzte Arbitraje Batzordeari buruzko inkestak erantzutera, eta gainerako herritarrak ere animatuko dituzte erakusketa honetan parte hartzera. Goizetan 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik "Kontsumo Bira", eta arratsaldeetan, berriz, 16:00etatik 20:00etara, eta bisitariek erraz asko aurkituko dute, zortzi metroko dorre bat nabarmenduko delako ehun metro koadroko informaziogunearen erdian.

 

Garraio eta bidaia konbinatuetan, erreklamazioak gora

Uztailaren 7tik 10era bitarte Gasteizen lehen eskala egingo duenetik, "Kontsumo Birak" erreklamazioak gehien igo diren gaietako bati helduko dio: garraio eta bidaia konbinatuak.

Zehazkiago, joan den urtean sektore horrek 2.800 kontsumo-erreklamazio baino gehiago sorrarazi zituen, aire-garraioaren arloan bereziki, hegaldien atzerapenen eta hegaldiak bertan behera utzi izanaren ondorioz. Izan ere, 2007an Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Bulegoetan eta Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoetan (KIUB) garraioei buruz tramitatutako 10 erreklamaziotik 6k aire-konpainiekin izan zuen zerikusia.

Erreklamazio horien % 64 hegaldiak bertan behera utzi izanaren edo atzeratu izanaren ondorioz sortu zen. Ekipajea galtzea edo hondatzea bigarren tokian geratu zen horrelako erreklamazioen sailkapenean (% 26). Jarraian, txartelen irregulartasunak (% 6), overbookinga (% 2), eta kontsumitzaileei informazioa ematerakoan gertaturiko arau-hausteak (% 2) datoz.

Nolanahi ere, kontuan hartzekoa da Legeak kalte-ordainak ezartzen dituela horrelako egoerak jasaten dituztenei konpentsazeko:

  • Hegaldia bertan behera uzten bada edo overbookinga gertatzen bada, txartelaren prezioa itzuli edo garraio alternatibo bat eskaini behar da, eta, gainera, 250-600 euroko konpentsazio ekonomikoak ordainduko dira, bidaiaren ibilbidearen arabera.
  • Hegaldi baten atzerapena bost ordutik gorakoa baldin bada, konpainiak txartelaren prezioa ere itzuli beharko du. Gainera, bidaiariak kalte berezi bat jasan duela uste badu, hala nola opor-egunak edo bestelako hegaldi-konexioak galtzea eta abar, 5.000 eurorainoko kalte-ordaina ere eska diezaioke enpresari.
  • Ekipajearekin arazoak izanez gero, gehienezko konpentsazioa 1.207 euro izango da bidaiari bakoitzeko. Horretarako, aireportuan bertan PIR Ekipaje Irregulartasunen Jakinarazpena bete behar duzu, eta gero, aire-konpainiari erreklamazio bat edo kalte-ordaina jasotzeko eskabide bat aurkeztu.

Horren ildotik, bidaia konbinatua egiteko erabakia hartu duen turistarentzako jarduerak ere antolatuko dira. Hala, hainbat pertsona oporrak prestatzen ari diren honetan, "Kontsumo Birak" honako gomendio hauek eskainiko dizkizu:

  • Kontrataturiko bidaiaren baldintzak aldatzen badira, bi aukera dauzkagu, edo baldintza horiek onartu, edo bidaiari uko egin eta dirua itzultzeko eskatu.
  • Kontrataturikoak baino kategoria txikiagoa duen establezimendu batean ostatu hartu behar badugu nahitaez, prezioaren aldea itzultzeko eskubidea dugu, baita kalteengatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ere.
  • Erreklamatzerakoan, kontratua egin dugun bidaia-agentziara jo dezakegu, edo bestela handizkako enpresara.
  • Betiere hobe da bidaiari buruzko publizitate osoa eta liburuxka guztiak gordetzea, gerta litezkeen erreklamazioen aurrean.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 7a