|
Aurkezpena
Kontinente amerikarra da euskal emigrante gehien erakarri dituen herrialdea, hain zuzen Euskaditik kanpora bizi diren euskaldunen % 80 bertan bizi dira. Kontinente amerikarraren barruan Argentina azpimarratu behar da: Argentina da Euskal Etxe gehien dituen herrialdea. Hain zuzen, gaur egun Eusko Jaurlaritzak ofizialki aitortutako 70 Euskal Etxe daude Argentinan.
Euskadiren eta Argentinaren arteko afektibitate harremanak eta kultur harremanak bestelako harreman ekonomiko eta sektorialen bidez aberastuz joan dira. Era berean, garai gogorrak iritsi direnean, harremanak estuagoak izan dira maila sozialean eta Euskaldunen Taldeei eman beharreko arretari dagokionez.
Beste alde batetik, kontuan hartuta nazioartean gero eta truke gehiago egiten direla eta gaur egungo globalizaziorako joera, eta kontuan hartuta makro eskualdeko egitura politiko berriak sortzen ari direla, hala nola MERCOSUR (Argentina, Brasil, Paraguay eta Uruguay biltzen ditu), gero eta nabarmenagoa da gainerako herri eta kulturekin batera nazioarteko antolamendu berriaren alde lan egiteko gogoa, eta ezinbestekoa da itun eta bitarteko berriak erabiltzea helburuak bete nahi badira.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, otsailaren 11ko 24/2003 Dekretuaren bidez Eusko Jaurlaritzak bere ordezkaritza ireki zuen Argentinan. 2005. urtean, azkenean, Argentinako Errepublikako Gobernuak Euskadiren ordezkaritza ofizialki aitortu zuen; ondoren, Buenos Aires hirian ondasun higiezin bat eskuratu zen eta higiezin hori da, gaur egun, Euskadik Argentinan duen ordezkaritzaren egoitza.
Argentinan izandako ordezkaritzen ibilbidea laburra izan da zenbait kasutan, baina laburra izanik ere, lan handia egin dute. Horrela, Euskadi eta Amerikaren arteko lankidetza instituzionala egiteko joera edo jokabide berriak sustatu dira, eta horien artean bereziki azpimarragarria da hainbat arlotan egindako aldebiko lankidetza. Lankidetza horrek Estatuko gobernuen eta eskualdeko gobernuen artean Aditze Memorandumak sinatzea ekarri du.
Halaber, erakunde mailako hainbat zeregin antolatu dira, zuzenak zein zeharkakoak, Argentinan ospatzen den Euskal Astean parte hartu da eta Argentinako Gobernu Kontseilari eta Ministroekin hartu emanak izan dira, besteak beste Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza, Osasuna edo Hezkuntza bezalako arloetan.
Gainera, trukeak egiteko programa bat zehaztu da. Programa hori arlo desberdinetara zuzenduko da, besteak beste: Informazioaren Gizartea, Herrizaingoa, Kultura, Etxebizitza eta Gizarte Gaiak, edo Ingurumena eta Lurralde Antolamendua.
|