|
| Lehendakaria Gaiker Fundazioaren presidentearen alboan. JB |
Zamudioko Teknologia Parkean ospatu den Gaiker Fundazioaren X. urteurreneko ekitaldian egindako adierazpenetan, Lehendakariak aski dela adierazi du, izan ere, "25 urte ondoren, ikerkuntza zientifiko eta teknikoaren gaineko eskuduntza eman ez eta gainera gure onerako dela esanez adarra jo digutela" salatu du.
Lehendakariaren ustetan, "autogobernuaren erabilera ona egin du hirukoak" eta arrazoi horregatik "autogobernu politiko eta ekonomiko gehiago" eskatu du "gure etorkizunari aurre emateko eta ez inorekin eztabaidan aritzeko, ez Madrilekin ez Espainiako Gobernuarekin".
Hiru faktore arrakasta lortzeko
Gaur egun arrakastaren gakoa "hiru faktoretan" oinarritzen dela jakinarazi du Juan Jose Ibarretxek; "autogobernua, hezkuntza eta itun estrategiko publiko-pribatuak". "Etorkizuna hiru elementu hauen menpean eraikiko da eta horretarako autogobernu gehiago behar dugu".
Lehendakariak hitzaldiari amaiera emateko adierazi duenez, "Euskadi kalitatearen eremuan erreferente da gaur egun Europan, eta berrikuntza eremuan erreferente bilakatzea da erronka". "Krisiari aurre egiteko prest gaude" jakinarazi du Ibarretxek, "gure ekonomiak gutxiago egingo du gora, baina Espainiako eta Europako ekonomiek egingo dutena baino gehiago".
|